Egia garesti dala poema Jose Mari "Txato" Agirrek idatzi zuen eta Imanol Larzabalek musikatu zuen.
Poema hau Uhin berri izeneko antologian argitaratu zuen Juan San Martin idazleak 1969an, hirurogeigarren hamarkadaren amaieran poeta gazteek haien lanak plazaratzeko aukera gutxi izaten zituzten eta Juan San Martinek gazteei bideak irekitzeko lan handiak egin zituen eta testuinguru horretan ulertu behar da Uhin berri liburua. Kronologia aldetik, poemak 1964tik 1969ra zihoazten eta Egia garesti dala poema garai hartakoa da.
Josemari Agirre Eskisabel, argazki gehiago hemen |
Josemari Agirre Eskisabel Aizkorrondo baserrian jaio zen, Ataunen, 1943an. Hamaika urterekin Donostiako apaizgaitegian hasi zen Giza Zientziak, Filosofia eta Teologia ikasten. Politika ibilbideari 1965ean ekin zion, beste apaizgai batzuekin batera seminariotik kanporatu zutenean. ETAn sartu eta 1967an atxilotu eta torturatu egin zuten, baita Martutenen espetxeratu ere. Epaile militar batek aske utzi zuen baina espetxetik irten eta bi egunera atxiloketa-agindua eman zuen berriz Orden Publikorako Auzitegiak. Iparraldera ihes egina zen ordurako.
Iheslari gisa Belgikan hartu zuen aterpe. Lovainako unibertsitatean Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen eta ETA utzi zuen 1970ean. Ezkondu egin zen eta bi seme izan zituen. 1977ko amnistia zela-eta Euskadira itzuli zen Euskal Herri aurrerazale, berritu eta europazale baten alde lan egiteko ilusioz.
1987tik 1991ra Ekonomia diputatu izan zen Gipuzkoako Foru Aldundian, EA-EE koalizioaren izenean eta Imanol Murua ahaldun nagusi zela. Diputatu zela koordinatu zuen, hain zuzen ere, "Gipuzkoa 2000 Plan Estrategikoa". Ibilbide politikoa Ibarretxe Lehendakariaren ekonomia aholkulari (2006-2009) jardun ondoren bukatu zuen.
Lan-ibilbideari utzi eta denbora gutxira zendu zen, 66 urterekin, Panticosan (Huesca) izan zuen mendi istripuan, 2009ko abuztuaren 10ean, hain gogoko zuen eta hainbeste gozarazi zion alpinismoa praktikatzen ari zela.
Hona hemen Egia garesti dala poema:
EGIA GARESTI DALA | |
Heldu zen udaberria kantuz hasi enaria. Lagunak preso jausi direla [iritsi zait gaur berria.] [bi] Urtu ziraden elurrak narrotu otso-zakurrak oraino ere minberaz daude [ene lagunen hezurrak.] [bi] Lainoak ziren odoltu gizon prestuak ixildu behin berriro ere gure Sisifo [maldaz behera amildu.] [bi] Kontzientziak urratu bakea dute saldu lau horma artean egin dituzte [bizirikan enterratu.] [bi] Indarra dela morala ordena dela kabala agertu dute gizonarentzat [egia garesti dala.] [lau] |
|
Hitzak: Jose Mari "Txato" Agirre Musika: Imanol Larzabal |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina