Markesaren alaba euskal abesti herrikoi bihurtu den bertso sorta bat da, zortziko txikian idatzitako 21 bertso dira. Sebero Iturrino mutrikuarrak idatzi zituen eta bertso-paper bezala argitaratu ziren. Augustin Zubikaraik ondarrutarrak jaso eta argitara eman zituen 1984an.
Euskal Abesti herrikoia bihurtu zen eta besteak beste musikari hauek interpretatu dute: Amaia Zubiria, Kepa Junkera, Urretxindorrak, Txomin Artola, Oskorri eta Imuntzo eta Beloki.
Jarraian agertzen dugun testua BDB Bertsolaritzaren Datu-Basea delakotik hartu dugu. Jatorrizko bertso-paperaren grafia zertxobait gaurkotu dugu. Hona hemen hitzak:
MARKESAREN ALABA | |
1 Zeruak eta lurrak egin zituena memoriya argitzen zatoz neregana, esperanza badaukat zedorrek emana kunplituko dedala deseo dedana. 2 Amoriyozko penak bertso berriyetan publika al banitza Euskalerrietan, enteratu naiz ongi enkargu hoietan San Jose arratsaldeko hiru t'erdiyetan. 3 Markes baten alaba interesatua mariñeruarekin enamoratua deskubritu gaberik bere sekretua amoriyua zeukan barrena sartua. 4 Egun señalia zan goguan hartzeko esan ziyola haren etxera juateko; - Deseo dedan hitz hau manifestatzeko zurekin, Antonio, nago izateko. 5 - Zer esaten dirazu, Juanitak hitz hori, tentatzen ai zerala trazak badirudi, etzait zure gradurik tokatutzen neri, ez burlarik egin mariñeruari. 6 - Iduki dezakezu ongi sinistua aspaldiyan nengoala zutaz gustatua, etzaitut nik utziko desanparatua, hala egiten dizut gaur juramentua. 7 Konformatu ziraden alkarren artian ezkonduko zirala hurrengo urtian, eskolak ikasteko biyen bitartian beraren herritikan guztiz apartian. 8 Hala disponiturik jarri zian biyak kartaz entenditzeko alkarren berriyak formalidadiakin jartzeko egiyak, baña etziran lo egon amaren begiyak. 9 Alferrik izango dira haserre gurian ez naute mudatuko. eternidadian, esposatu nahi nuke kariño onian Antonio Maria etortzen danian. 10 Ezin egon zan ama hitz hori sufritzen, beriala hasi zan kartak detenitzen intenziyo haundiagoz ezkontza galdutzen; Juanitak halakorik etzuen pensatzen. 11 Amaren maleziya korreora juan ta Antonio hil tzala egin zuan karta; Juanitaren tristuraz maitia, esan ta engañatu bestek gezur bat esanda. 12 Amak esaten dio: - Juanita neria, galdu da diotenez Antonio Maria, nik billatu dizut beste bat hobia, mayorazgo interes askoren jabia. 13 - Ama, ez neri esan horrelakorikan, ez det nik bestegana amoriyorikan, ezin alegre leike nere barrenikan komenienzia ona egonagatikan. 14 - Utzi alde batera horrelako lanak, ez dizut nik ikusten zu bezela damak, nahi badituzu hartu onra eta famak gidatuko zaituzte aitak eta amak. 15 Denbora kunpliturik galaia abiyan zer pasatu ote zan haren memoriyan kartarik hartu gabe juan dan aspaldiyan, inozente sartu zan jayo zan herriyan. 16 Hau da lendabiziko esan zenduana: - Zer da musikarekin onratzen dutena? - Markesaren alaba kaliak barrena esposario zala harek bihar zuena. 17 Desmayaturik egin zuen ordu-bete gero nobiya eske hitz bi egin arte inguratu zitzayon makiña bat jende, bigarren ordurako hilda derrepente. 18 Gaba pasatu eta hurrengo goizean entierrua zuen bigarren klasian, markesaren alaba guziyen atzian; zer pena izango zan haren bihotzian! 19 Penarekin lerturik Antonio hil zan, akonpañatu zuen, Juanitak eleizan, maitasuna baziyon esan dedan gisan, geroztik etzuen osasunik izan. 20 Erremedia balei sentimentu hori bitarteko bat jarri Jesus maiteari oraziyo egiñaz Birjiña Amari zeruan gerta dedin Antonio Mari. 21 Alkarren konpañian guk ere nahi degu, Birjiña, egiezu Jaunari erregu kristau guziyogatik baldin al bazendu, Iturrinok horrela desiatzen du. |
(1) Laguntza eskatuz:
Lana egoki beteko duela esperantzak izan arren, Jaungoikoari laguntza eskatuz hasten da bertsolaria.
(2) Bertsoak zertaz dira?
Enkargu bat egin diote eta amodiozko bertsuak izango direla aurreratzen du.
(3) Pertsonai nagusiak:
Agertzen den lehena Juanita da, protagonista nagusia. Ondoren, bikotea osatuko duen Antonio. Bat goimailako alaba eta bestea herri xumeko semea.
(4) Ekimena neskarena da:
Juanitak bere etxean zitatzen du Antonio eta dion amodioa agertzen dio...
(5) Sinestezina:
Antoniok ez dio, hasieran, sinesten. Izan ere, maila sozial guztiz desberdinekoak dira biak.
(6) Neskak sinestarazi egiten du:
Juanitak zin egiten dio egitan dabilela eta benetan maite duela.
(7) Eskontzeko hitza:
Adosten dute hurrengo urtean ezkonduko direla eta, bitartean, harremana kartaz garatuko dutela. Baina...
(8) Hirugarren pertsonaia:
...Juanitaren ama ez dago ados eta bere azpijokoak egingo ditu. Lehenik hitzez...
(9) Neskak es du amore ematen:
...eta ikusirik Juanitaren erabakia sendoa dela, beste bide bat jorratzen du.
(10) Karten katea eten:
Komunikazioa moztu nahirik, hasteko, kartak ezkutatzen ditu, bai Juanitak bidalitako kartak eta berdin eginez Antonioren erantzunekin.
(11) Amaren gezurra:
Ondoren, karta bat asmatzen du amak berak, horren bitartez gezur latz bat aditzera ematen da: Antonio hil da.
(12) Ordezkoaren proposamena:
Amak esaten dio Juanitari beste senargairen bat aurkituko diola, eta, hori bai, dagokion maila ekonomiko eta sozialekoa.
(13) Neskak ezetz!
Ez duela Juanitak besterik nahi.
(14) Amaren erreieta:
Jarreraz aldatu behar duela esaten dio amak Juanitari eta aita-amaren aholkuak onartu behar dituela bere onerako baitira.
(15) Antonio itzultzen da:
Aspaldian kartarik jaso gabe, kezkaturik heltzen da Antonio herrira.
(16) Festak dira Mutrikun:
Festaren zergatia galdetzen du Antoniok eta azaltzen diote Markesaren alaba bihar ezkonduko dela.
(17) Atsekabea eta heriotza:
Juanita ezkonduko dela entzutean konortea galtzen du Antoniok eta atsekabearen saminez hil egiten da.
(18) Hileta:
Hurrengo egunean hileta ospatzen da, bigarren klaseko hileta xumea da. Juanita bertaratzen da hiletara baina ez dirudi leku berezian kokatzen denik.
(19) Elizkizunak:
Esan bezala, Juanitak parte hartzen du hileta eta elizkizunetan. Ondorioz, suposa daiteke egun horretarako programaturik zeukan eskontza bertan behera utzi duela Juanitak; edozein kasutan, segurua da Juanitaren osasuna kalteturik geratu dela.
(20) Otoitza:
Juanita ezkonduko ez dela beste zantzu bat ematen da bertso honetan, non Antonio Mariren arimaren alde otoitz egiten duen Juanitak. Eskontza gabekorik alargunaren irudia eskaintzen digu bertsolariak.
(21) Elkarrekin:
Juanita ezkonduko ez dela beste bigarren zantzu bat ematen da azken bertsoan, non amorante biak elkarrekin irudikatzen dituen bertsolariak. Bukatu aurretik, sinadura gisa, bertsolariak bere izena aipatzen du.
|
Hitzak: Sebero Iturrino Musika: Herrikoia |