Iduzki denean, zoin den eder itzala!
maitia, mintzo zira, plazer duzun bezala.
egiten duzula
mila disimula,
inorant zirela;
erraiten duzula
bertzetaik naizela.
Faltsuki mintzo zira.
Zazpi urtez beti jarraiki zait ondotik,
erraiten zautala, ez dut bertze maiterik;
hitzer fidaturik
nago tronpaturik
gaixoa tristerik,
ez dut eiten lorik,
ez jan edan onik,
maitia, zuregatik.
Urzoak baitoaz une oro elkarrik
zutarik maitia ez nagoke urrundik
agote izanik
ez dut izen onik
hemen ez kanpotik,
amodio garbirik
bertzerik ez dut nik
xangriz nauzu beterik.
Oi! ene maitia, nik ere zuregatik,
pasatzen dizut nik, zonbeit sabeleko min.
Eskonduz zurekin
samur ait'amekin, [samur = haserre]
behar nindeite jin;
ez dakit zer egin,
ez eta nola jin,
ni neure etxekoekin.
Oi! ene maitia, nun duzu izpirituia?
fediaren jabe, aita deraukazuia?
atxikazu fedia
maita bertutia
libra kontzentzia,
munduko bizia
labur da maitia,
ez zaitela kanbia.
|
Neskak gizon ganorabakoari:
Maitia (esaten dio ironiaz) nahi duzun legez mintzo zara, mila disimula egiten duzu, inorantearena egiten duzu, bestelakoa edo bakana naizela diozu, eta laburbiltzeko: Faltsuki mintzo zara.
Neskak gogoko duen gizonari:
Zazpi urtez bere atzetik leial eta fidel ibili den mutilari erantzuten dio neskak, esanez berak ere maite duela.
Gizon leialak neskari:
Agote izate horrek eduki du bazterturik gixajoa, zazpi urtez, neskearen besoetatik. Orain, akabuan haren bihotza lortu duenean, neskearen gurasoak haserratzeko bildurretan dago.
Neskak gogoko duen gizonari:
Neska ere seko maiteminduta dago, baina badaki etxekoek ez dutela arraza madarikatu horretako bat familiara sartzen utziko. Neskaren “sabeleko minak” hitzez hitz harturik izan daitezke, baita ere, agotea zinez maite duenaren adierazgarri.
Gizon leialak neskari:
Agotearen hordagoa maiteari: izpiritua, fedia, bertutia, kontzientzia, horiek guztiak benetako amodioaren alde eta arrazakeriaren aurka jarri behar zaituzte, aitaren nahiaren ganetik!
|