[
eu] | [
es]
Zer da
PLASENTZIA 1577?
Proiektuaren
ezaugarriak
Ezer baino lehenago, herri proiektua izateko bokazioz
jaio den ekimena da PLASENTZIA 1577.
Joan den urteko urrian Plentzia Kantaguneak antolatu zuen herri
antzezpen baten arrakastak akuilaturik, (La
Partera de Gaminiz, Toti Martinez de Lezearen testuarekin) ohartu ginen
gure herriaren historia geuk antzeztua ikuskizun duin eta pedagogikoa gerta
daitekeela, are gehiago musika eta dantzarekin aberasten baldin bada.
Esperientzia hartatik ikasita, eta segida eman behar
zitzaiolakoan, aurten ere antzezlan bat bultzatu behar genuela erabaki genuen,
berrikuntza batzuk eginda:
a) Proiektua Plentzia eta Gorlizeko jende guztiari
—bereziki, baina ez esklusiboki— zabaltzea, ohiko elkarte baten kudeaketatik
ateraz, eta horrela ateak ireki, nahi zuen orori parte hartzeko.
b) Proiektua denboraz, garaiz antolatu eta ezagutaraztea,
bai testuaren prestakuntza eta hedakuntzaren aldetik, bai elenkoa eta musikari nahiz
dantzari taldeak osatzearen aldetik.
c) Testua euskeraz izatea, hori behar duelako gaurko
Plentziak, eta hori zor diegulako herri honetan euskaldun izatea eragotzi
zitzaien eta erabiltzeagatik gutxietsi eta zigortu zituzten euskaldun guztiei.
d) Prozesuari berari ere garrantzia ematea, auzolan
itxurako dinamika bat sorraraziz parte-hartzaileen artean.
e) Musika arloa aberastea.
Seguruenik ez dugu denetan asmatu, baina ahaleginaren
faltagatik ez daukagu kontzientzian zorrik, behintzat.
Testuaren
ezaugarriak
Proiektuari izena ematen dion testua Plentziarentzat
neurrira eginda dagoela esan genezake, hiru arlotan egon ere: historian, uri
honen gorabehera historikoak jasotzen baititu; hizkuntzan, Mendebaldeko euskera
estandarra erabiliz, ukitu plentziarrekin; lekuan, gure plaza zoragarria
antzezleku natural moduan suertatzen baita agerraldi guztietan: ez genuke
antzoki egokiagorik aurkituko kontatu gura dugun historiarentzat.
Ikuskizunean XVI. mendeko Plentziako historiaren atal
bat jasotzen da, bertako biztanleen sentipen-bizipenetan islaturik. Oro har
egiazko jazoeretan oinarriturik, fikziozko pertsonaiak eta euren pasadizoak
taularatzen dira. Herri kantuek nahiz dantzek ere osatzen dute ikuskizuna,
horiek ere arrantzaleen —emakumeen zein gizonen— bizimodua irudiz eta metaforaz
jasotzen baitute.
Gure iraganerako bidaia honetan, mendeetan beti
itsasora begira bizi izan den herri arrantzale baten penak, ilusioak eta pozak
—umorerik ere ez baita falta— agerraldi labur-bizietan erakusten dira.
Emakumeen askotariko lanbide gogorrak azaltzen dira eta bai gizonen itsasaldi
nekoso arriskuz beteak. Marinelon itsasoratzeak inguruko uretan izaten dira
hasiera batean, balea hurrean azaltzen den bitartean; baina hura urritzen eta
urruntzen hasten denean, pobreziatik irteteko, bidaia luzeagoetara jo behar da:
Ternuako lurralde izoztuetara, mende haietako petrolioa zen balearen gantza
neke handiz eskuratzeko.