2015(e)ko abuztuaren 14(a), ostirala

2015-08-13, Izarrak

IZARRAK

Izarrak. Hemen gara ostera ere, izarren zain. Izarren zain? Ez, izarrak ikusi zain, izarren begira. Bai, izarren begira esan dut, nahiz eta gurago genukeen izarrei begira egon.

Dakizuenez, mundu honetan gauzak gutxi aldatzen direla adierazteko esapide hau erabili ohi da: “Izarrak beti zeruan”. Ikusi zein ikusi ez. Eta afalondo honetako  izar-euria ikusterik ez bageneuka ere, balegoke kontsolatzeko erarik:
MAITE DITUT MAITE GURE IZARRAK
LANBROAK IZKUTATZEN DIZKIDANEAN...
Izarrak ziren ala bazterrak?

Izarrak. Ba al da izarrak baino ezer iradokitzaileagorik? Greziarrek unibertso mitologiko bat ikusi zuten izarren ehundegian: hartzak, zezenak, lehoiak, gurdiak, gerlariak, herensugeak...

(Baskoniako zerupean bizi izan balira, agian irudimena ez zitzaien hainbeste berotuko...)

Izarretara begiratzea amets egitea da, ametsik soilena, puruena, gu gizon-emakumeon txikitasunaren, ezerezaren inguruan gogoeta egitea, eta bai jatorriari buruzko erreflexioa:
IZARREN HAUTSA EGUN BATETAN
BILAKATU ZEN BIZIGAI
HAUTS HARTATIKAN USTEGABEAN
EGIN GINADEN GU ERNAI...
Hauts hartatik ote ginen ernai? Gizakiaren betiereko kezka iraupena izanik, eta jakinik bizitza ederra bezain laburra dela (nahiz eta batek idatzi zuen “gau txar bat ostatu saskel batean” dela bizitza), nola bila lezake gizakiak hobeki denboraren eta espazioaren mugagabetasuna milioika argi-urtera diren argizagietara so baino?; areago, jakinik ikusi dakusagun izar horietako hainbat eta hainbat aspaldi-aspaldian itzali zirela...
ZEREN ILUSIONE BAT BERA DA
LURREN GAINEKO GURE PASAJIA
Eta existentziaren misteriotik giza esparrura jaitsita, zer metafora-iturri emankorra den izarra!
AMODIOTAN NINTZAN IZAR BATEKILA
HURA EZIN IKUS PLAZER DUDANEAN
EZ BAITA ETXIAN EZ ETA HERRIAN
edo
GABEKO IZAR ARGITSUENA
PIZTUTZEAKIN BATERA
HAURTXO EDER BAT ETORRI ZAIGU
GAUR ARRATSEAN ETXERA
edo
IZAR EDERRAK ARGI EGITEN DAU
ZERU ALTUAN BAKARRIK
EZTA BAKARRIK LAGUNAK DITU
JAUN ZERUKOAK EMONIK
Gaur, lagunok, ikusiko ote ditugu izarrak? Badakizue “Zerura joateko, lehenago hil egin behar”. Beraz, “Perseidak ikusteko, lehenago urtero PIEra etorri behar” Eta, halako batean...

Azkenik, izarrek neuri zer iradokitzen didaten gehienbat esango dizuet: askatasuna, gizon-emakume guztien duintasun eta burujabetasun pertsonala zein kolektiboa; bai, hori guztia aldarrikatzen dute izarrek, hain urrun, eder, puru, distiratsu... eta aldiberean erdietsiezin, zeren libertaterako bidea infinito luzea baita:
BATEK GOSE DIRAUENO
EZ GARA GU ASETUKO
BAT INON LOTURIK DEINO
EZ GARA LIBRE IZANGO
Harira datorren Joan Mari Irigoienen soneto eder batekin uzten zaituztet. Izenbururik ez zion jarri, baina dei genezake  “Libertatea beti da lur bat haratago”
NIK EZ DAKIT ZINEZ ZER NAIZEN, NOR NAIZEN:
HAUTSAK SORTUA NAIZ, GOI-ARGIARI SO,
ZEREN ARGI GABE SENTITZEN NAIZ GAIXO:
NIK EZ DUT DEUS NAHI, LIBRE IZAN BAIZEN.

DEUS EZ DAKIT, BAINA DEUS EZ JAKIN ARREN,
NAIZEN HAUTSA NAHI NUKE GOITI JASO:
ARGIA DUT XEDE, GAUA DUT ITSASO,
HATSA NAHI NUKE AHALBAIT ZABALEN.

LIBERTATEA SU BAT DA, BEHARBADA,
ZEINA HEDATZEN DEN HAIZEAREN HATSAZ,
ET´AMETS BAT DA DEUS BAINO GEHIAGO.

LIBERTATEA EZ OMEN DEN LURRA DA,
ETA, HALATAN, DEUS ERE EZ DA AUSAZ,
ZEREN BETI BAITA LUR BAT HARATAGO


Mila esker


                                Gorliz, 2015eko perseiden gauean

Jokin de Pedro

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina