Datorren asteazkenean kantutegi berriarren aurkezpena egingo dugu. Hauxe da deialdia:
|
EUSKAL HERRIKO KANTUZALEEN ELKARTEAren partaidea den Plentzia Kantaguneak 200 kantuzale biltzen ditu Plentziako eta bere inguruko herrietatik datozenak. Aspalditxo honetan erabaki zuen Plentzia Kantaguneak bere kantutegia berriztea, izan ere gaur eguneko 2012koa baita.
Kantutegi berriak bete behar zituen baldintzak honako hauek ziren labur esanda:
- errepertorioa bateratu
- inprimatze akatsak zuzendu
- abestiaren jatorrizko bertsioa edo bertsiorik zaharrena hobestea
- kantatzean erritmoak finkatzeko lagungarria izatea
- abestietan errepikatzen diren zatiak zehatz zehaztu
- egileen aipamenak egoki egitea, bai hitzetan zein doinuetan
- abestiak ondo kantatzeko oharpenak gehitzea
Bestalde, kantutegiak izango zuen formatua eta itxura aintzakotzat hartu dugu; hori dela eta, A6 neurriko formatua aukeratu dugu eta abesti bakoitzeko dagokion irudia txertatu dugu.
Lehendabiziko urratsa dokumentatzea izan zen. Horren haritik 40 kantutegien alderaketa egin genuen, kantutegi horien artean Hegoaldeko zein Iparraldeko bildumak zeuden eta aspaldiko kantutegi zaharrak ere. Lehen urrats honen emaitza 1.200 abesti baino gehiagoko zerrenda bat izan zen, eta osatu genuen zerrenda horretatik datu-base bat eraiki genuen.
Datu-basea abiapuntuz harturik sarriago errepikatzen ziren abestiak aukeratu genituen eta horietatik kalean kantatuak izateko aproposak zirenak hautatu genituen, badira beste abesti batzuk ederrak izanik ere kaleko girorako aproposak ez direnak.
Gure lana 6 hilabetez luzatu da eta horrenbeste denbora hartu badigu bertsioen aniztasunagatik izan da batetik, eta bestetik urteekin batera abesti askoren hitzak higatu direlako eta kantatzeko erak ugaritu direlako.
Azkenean gure lana bukatutzat eman genuen eta kantutegia lau zenbakiz defini daiteke 1-2-3-4, hots, kantutegi 1 234 abestiekin. Une honetan lanaren emaitza inprimategian dago eta laster batean gure eskuetan izango dugu.
Kantutegiaren aurkezpena datorren asteazkenean egingo dugu gure txokoan. Hau da, uztailaren 2an, arratsaldeko 18:45etan, Plentziako Kristo Ermitan. Gure lan honek eman dizkigun buruhausteen berri jakin nahi baduzu zatoz eta pozik haurtuko zaituztegu.
Besterik gabe, har ezazu besarkada estu bat,
PLENTZIA KANTAGUNE
Deia egunkariak eskaini digun artikulua: