Georgia, hizkuntza eta
kantua
Badira sei bat urte lagun talde musikari euskaldun
bat Kaukaso aldean dagoen Georgia herrialdean izan ginela. Gure joan-etorria
korapilatsua izan bazen ere bizi izandakoa ez dut ahazteko!.
Durangoko azokak aurten Georgiar (kartulien)
literatura ekarri digu gugana. Antza denez gure georgiar idazleek ere ez dute
honantz etortzeko errez izan. Tamalez, etorteko ziren lau idazleetatik, hainbat oztopo jasan ostean eta bidaiatzeko
baimenik lortu ezean, bik besterik ez dute etortzerik lortu.
Bidaia
haren oroimen biziak dauzkat oraindik gogotan. Georgiarrek gure bihotzak
hunkitu eta barruak murgierazi zituzten orduan. Harrera ezin hobea egin
ziguten. Nire ustez, lekuak baino lekukoak dira estimatuago bidaietan eta
horixe gertatu zitzaigun, bertako jendeak liluratu egin gintuela. Hitza
betetzen zekitenak ziruditen kartuliarrek, zerbaiten beharrean bageunden, beti
laguntzeko prest agertzen zitzaizkigun. Eta benetako eskasian egon arren,
tabernetan, hoteletan edo jatetxetan, bertako langileek ez zizuten inondik
inora propinarik onartuko.
Ordutik hona
sarritan izan dugu albiste Georgia, eta dirudienez gure herriaren antzera han
ere ez dute lasaidurarako aro onik. Lurralde korapilatsua izan da historian
zehar eta hala dirau egun ere.
Historia luzea, jantzia baina gora-beheratsua dute georgiarrek. K.a. IV mende, erromatarrek
eta grekoek Iberia izenaz deitzen zieten Georgiarrei. Beraz, iberotarrak ziren georgiarrak. Bada ibero horiek gure lurralde hauetarantz etorri
zirela diotenik. Badira baita gure
hizkuntza eta georgiaren arteko parekotasuna begi bistan jartzen dutenik ere.
Aintzinako iberoen aztarna omen da euskera, hangoxekoen irla.
Eta konpareketan hasita,
hizkuntzaren aztarnetan murgilduta eta antzekotasunera begira fonemen
antzekotasuna ageri agerian da. Toponimiara bagatoz ere han Artxanda, aran,
uri, pasanauri, ura, zemendia, artoa, aramotz, iber, guria, txitxia eta halako
hitzak neuk entzunak eta ikusiak ditut. Hizkuntzalariek eta hortan dihardutenek
badute oraindik zer ikertu, baina gaurkoen begiez entzumenez edo adimenez
baino, atzokoen irudimenez eta aztarnaz eta arrazto haien bizitasunez ikertu dezatela eskatuko nieke.
Hizkuntzaren tonoa, esanak
egitura ez da idatzitako textoetatik bakarrik aztertu behar, hala uste dut,
barruko adimenak eta entzumenak argituko dizkigu gauza asko, berez zientziak
hotz hotzean argituko ez digunak, jakinda gainera kasu hontean, gurea, alfabeto
erromanoa dela eta beraiena zirilikoa.
Beraz kontu egiten diot:
Jon Keats poeta britainiarrak dinoanari ”zertan ez nago ziur bihotzaren
garbitasunaz eta irdudimenaren egiaz ez bada: eta irudimenak edertasuna hartzen
duena egia izan behar”.
Ba da bestetik gure artean parekotasunetara joanda
izaera ere parekoa dugula eta jateari eta janarekiko diogun miresmen hori ere
berdintsua dela dionik. Jan, edan eta kantatu hori bait da Georgiar batek egin
beharreko betebeharrik derrigorrezkoenak, eta nola ez, otorduan brindisak, topa
eta topa, orain gure herriaren etorkizunarengatik eta bi minututako berbaldia,
gero gure emakumezkoen zoriontasunarengatik, geroago gure umeen ondasunagatik
eta horrela jatordu osoan zutik jarri eta topa.
Georgiak 70.000 km2 dauzka, Euskalherria hiru aldiz;
eta sei milioi biztanle. Lurralde berdea, menditsua, antzinateko historiaz
betea, baina lurralde zaila, gertarera gogorrek suntsitua eta sakabanatua,
isolatua; ekialdean Azerbaiyan eta Dagestan ditu auzo, goialdean Txetxenia,
behealdean Turkia eta Armenia eta mendebalderantz itsas beltza.
Tartaroak XIII. mendean sartu eta inbaditu zuten gaur
Georgia dugun herrialdea. Gune korapilatsua eta nahaztua dugu Kaukaso aldea, ez
da oraingoa, Persiarrek eta Bizantziar inperioa handiak han izan ziren konkista
nahian urte luzez. 1795 aldera Persiarrek txikitu zuten Tblisis Georgiarren
hiriburua. Handik lasterrera Errusiar imperio handiaren menpe gelditu zen
Georgia. Orain hamasei bat urte birujabetasuna lortu ba zuten ere, gaur egun
Errusia eta Georgiaren arteko tirabirak handiak dira. Liskarrean diraute egun.
Eta 1999z geroztik, hau da, Putin boterean dagoenetik areagotu besterik ez
dira egin areriotasunak. Moskuk bertan
hainbat base militar ditu eta ez dute oraingoz uzteko asmorik agertu.
Putinek, georgiarren kontrako akusazio gogorrak
bezain ankerrak jaurti izan ditu sarri askotan. Georgiak ez duela
terrorismoaren kontrako laguntzarik eskeintzen eta Txetxeniar gerrilarie armaz
hornitzen dietela batetik eta lurralde hura terrorista errefuxiatuen babesleku
bihurtu denaren akusazioz. Moskuk ordudanik, georgiar ekonomiari min egin izan dion
blokeoa jarriz.
Kantuak dion bezalaxe, ez dira beraz garai onenak
kartuliarrentzat. Baina politikaren zailtasunak ahaztu barik eta egunerokotasun deserosoak kontuan hartuta,
egunotan georgiarren literaturaz aditzeko eta entzuteko parada eta gozamena
izango dugu Durangoko azokan. Hango bi idazle entsutetsu etorri dira gugana,
geuk ere beraien sorkuntzen berri jakin dezagun.
Bi gauzak salbatu izan digu Georgiarren etorkizuna,
bata hizkuntza (hizkuntza zaindu eta landu behar den lehen balorea baita) eta
bestea, kantua, eta bi hauexengandik gaude bizirik georgiarrok, hauxe ziozkun
bertako lagun batek eta inoiz kontatu izan dudan gertaera hunkikarri bat esan zigun gure lagunak:
Georgiarrek mendizaleak baitira, Kaukaso iparrean 6 mila metrotik gorako mendigainak
daude eta gertaera triste bat bizi izan dutenaren berri eman ziguten. Ba omem
zihoazten lau georgiar gazte bertako mendi mitiko bat eskalatzera eta
zorigaitzez lauetariko bat kordadan labanka egin eta zintzilika geratu omen zen
beste hiruren pentzu eta hauen indarren menpe. Gauza gutxi egin zezaketen hiru
lagun hauek, indarrak ere denbora pasaz ahultzen zihoazen eta zintzilik zegoen laugarren honek kordela
mozteko oihukatzen baitzien, baina nola moztu, nola utzi laguna hiltzen, eta
laurak arriskuan eta indarge. Zintzilika zegoen hura kantatzen hasi baitzen
ozen eta tinko, hauxe bait da hiltzeko prest dagoenaren seinale, georgiarrek
kantatzen hiltzen baitira eta kantua oihartzun bihurtzen baita belaunaldi
luzeetan. Horrelaxe hiltzen ziren georgiar lagunik onenak eta kantu hoiekin
salbatu omen zen Georgia.
Euskaldunok ere berdintsu
egiten omen duzue, kantatu eta zuen hizkuntza zaindu, zihoen kontalariak.
Badakigu euskaldunok aspaldidanik ari zaretela zeuenari eusten, nortasuna
gordetzen, eta erroak mantentzen. Georgiarrentzat lurrari maitasuna eskeintzea
eta bizitzari errespetoa gurtzea dira izaterik preziatuenak. Guk betidanik
apreziatu dugu bakea, gure maitasunez utziko diegu gure hurrengoei, pasa
diezaiegun gure semeei gure ohiturak, gure izatea eta gure baloreak, beraiek
ere zintzo eta leial defendi ditzaten, halako hitz esanguratsu ederrekin agurtu
ziguten.
Behar bezalako harrera eskeini diezaiegun.
Georgiarrengandik egiten dut topa! eta Georgiarren hizkuntzak eta beraien
literaturak oparotasuna euki dezan!
Gontzal Mendibil